11. Gero, Absalomen seme Jonatan Jopera bidali zuen gudari-talde handi batekin. Jonatanek bota egin zituen hiri hartako bizilagunak eta bertan gelditu zen bera.
12. Gudaroste handi batekin abiatu zen Ptolemaidatik Trifon Judea herrialdean sartzeko asmoz. Jonatan zeraman berekin preso.
13. Simonek Adida hirian ezarri zuen kanpalekua, Xefela lautadaren aurrez aurre.
14. Beraren anaia Jonatanen ordez Simon zela buruzagi eta borrokari ekiteko prest zegoela aditzean, Trifonek mezulariak bidali zizkion, esatera:
15. «Karguan egon zen bitartean erregearen ondasunen kontura egin zituen zorrengatik daukagu bahitua zuen anaia Jonatan.
16. Bidal iezazkiguzu, beraz, bi mila eta zazpiehun kilo zilar eta Jonatanen bi seme bahituran, eta askatuko dugu. Ez dugu nahi, behin askatuz gero, gure kontra jar dadin».
17. Gezurretan ari zitzaizkiola igarri zien arren, bere herritarrak kontra jar ez zekizkion, dirua eta haurrak ekartzeko agindu zuen Simonek;
18. jendeak esan baitzezakeen: «Dirua eta haurrak bidali ez dituelako hil dute etsaiek Jonatan».
19. Bidali zituen, beraz, Simonek haurrak eta bi mila eta zazpiehun kilo zilar. Baina Trifonek ez zuen bete bere hitza eta ez zien askatu Jonatan.
20. Gero, gainera, lurralde hura hartu eta hondatzeko asmotan abiatu zen Trifon. Adorarako bidean zehar bira egin zuen; baina zihoan bide guztietara ateratzen zitzaion Simon, aurre egitera.