1 Makabearrak 13:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jakin zuen Simonek gudaroste handia bildua zuela Trifonek Judeako herrialdea hondatzera etortzeko.

2. Eta, judu-herria beldurrez dar-dar eta izutua zegoela ikusirik, Jerusalemera joan, jendea bildu

3. eta adoretu zuen, esanez: «Badakizue zenbat egin dugun nire anaiek, gure senitarteak eta neuk ere legearen eta santutegiaren alde. Badakizue zenbat gerra eta atsekabe ikusi behar izan dugun.

4. Horregatik hil dira nire anaia guztiak, Israelengatik. Neu bakarrik gelditzen naiz.

5. Larrialdi honetan ez nuke neure bizia salbatzeaz arduratu nahi, ez bainaiz neure anaiak baino hobea.

6. Alderantziz, mendekatu egingo ditut geure herria, santutegia eta zuen emazte eta seme-alabak. Izan ere, jentil-herri guztiek, gureganako gorrotoz, bat egin dute gu suntsitzeko».

7. Hitzaldi hau entzutean, herriaren espiritua suspertu egin zen

8. eta denek ahots handiz esan zioten Simoni: «Izan zaitez zu gure buruzagi, zure anaia Judas eta Jonatanen ordez.

9. Gida gaitzazu eta beteko dugu zure esana».

10. Orduan, Simonek gudari guztiak bildu zituen, Jerusalemgo harresiak bukatzeko lehiatu zen eta inguru guztian gotortu zuen.

11. Gero, Absalomen seme Jonatan Jopera bidali zuen gudari-talde handi batekin. Jonatanek bota egin zituen hiri hartako bizilagunak eta bertan gelditu zen bera.

12. Gudaroste handi batekin abiatu zen Ptolemaidatik Trifon Judea herrialdean sartzeko asmoz. Jonatan zeraman berekin preso.

13. Simonek Adida hirian ezarri zuen kanpalekua, Xefela lautadaren aurrez aurre.

1 Makabearrak 13