22. Hau jakinik, idatz iezaguzue, mesedez, ongi zareten esanez.
23. Guk, geure aldetik, hau idazten dizuegu: Zuen abere eta ondasunak gureak dira eta gureak zuenak. Beraz, zuei honen guztiaren berri emateko agintzen duguĀ».
24. Demetrioren gudalburuak, lehen baino gudari-talde handiagoarekin, borrokarako asmoz zetozkiola jakitean,
25. Jonatan Jerusalemdik Hamat herrialderantz abiatu zen haien bila, Judean sartzeko astirik eman gabe.
26. Eta ikertzaileak bidali zituen etsaien kanpalekura. Itzultzean, jakinarazi zioten, gauez erasotzeko prestatzen ari zirela etsaiak.
27. Borrokan hasteko prest, gau guztian erne eta armak eskuetan zituztela egoteko agindu zien Jonatanek ilunabarrean bere gudariei. Eta gudari aurrelariak ipini zituen kanpalekuaren inguruan.
28. Etsaiek, ordea, Jonatan bere gudariekin borrokarako prest zegoela jakitean, izuturik eta beldurrez beterik, suak piztu zituzten beren kanpalekuan eta alde egin.
29. Baina Jonatan eta gudariak ez ziren egunsentia arte ohartu etsaiek ihes egin zutela, su haien distira ikusten baitzuten.
30. Joan zen Jonatan etsaien atzetik, baina ezin izan zituen atzeman, igaroa baitzuten Eleutero ibaia.
31. Orduan, Jonatanek zabdiar izeneko arabiarrei eraso, menderatu eta ondasunak kendu zizkien.
32. Gero, kanpalekua jaso eta Damaskora joanik, eskualde hartan barrena ibili ziren.
33. Simon ere, bere aldetik, abiatu eta Askalon eta inguruetako gotorlekuetara heldu zen. Ondoren, Jopera saihestu eta hartu egin zuen,
34. entzuna baitzuen hango bizilagunek Demetrioren aldekoei eman nahi zietela gotorlekua. Gudari-talde bat utzi zuen han Simonek, hiria zaintzeko.
35. Jerusalemera itzultzean, herriko arduradunek batzarrean bildu eta Judean gotorlekuak eraikitzea erabaki zuten.
36. Jerusalemgo harresiak handiago egitea eta hango gotorleku eta hiri artean horma handi bat egitea ere erabaki zuten; horrela, gotorlekua isolatua geldituko zen, eta gotorlekukoek ezin izango zuten ezer erosi, ez saldu.