1 Makabearrak 12:16-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Orain, Antiokoren seme Numenio eta Jasonen seme Antipatro aukeratu eta erromatarrengana igorri ditugu, beraiekin lehendik genituen adiskidetasuna eta gudalagun izateko hitzarmena berritzera.

17. Zuengana ere joateko agindu diegu, zuei agur egitera eta gutun hau ematera, berritu egin nahi baitugu zuekiko senidetasuna.

18. Erantzun, mesedez, gutun honi».

19. Hona hemen Oniasi bidalitako gutunaren kopia:

20. «Areios-ek, espartarren erregeak, Onias apaiz nagusiari, agur!

21. Aurkitu dugun agiri batek dio, espartarrak eta juduak senide direla eta Abrahamen jatorrikoak.

22. Hau jakinik, idatz iezaguzue, mesedez, ongi zareten esanez.

23. Guk, geure aldetik, hau idazten dizuegu: Zuen abere eta ondasunak gureak dira eta gureak zuenak. Beraz, zuei honen guztiaren berri emateko agintzen dugu».

24. Demetrioren gudalburuak, lehen baino gudari-talde handiagoarekin, borrokarako asmoz zetozkiola jakitean,

25. Jonatan Jerusalemdik Hamat herrialderantz abiatu zen haien bila, Judean sartzeko astirik eman gabe.

26. Eta ikertzaileak bidali zituen etsaien kanpalekura. Itzultzean, jakinarazi zioten, gauez erasotzeko prestatzen ari zirela etsaiak.

27. Borrokan hasteko prest, gau guztian erne eta armak eskuetan zituztela egoteko agindu zien Jonatanek ilunabarrean bere gudariei. Eta gudari aurrelariak ipini zituen kanpalekuaren inguruan.

28. Etsaiek, ordea, Jonatan bere gudariekin borrokarako prest zegoela jakitean, izuturik eta beldurrez beterik, suak piztu zituzten beren kanpalekuan eta alde egin.

29. Baina Jonatan eta gudariak ez ziren egunsentia arte ohartu etsaiek ihes egin zutela, su haien distira ikusten baitzuten.

1 Makabearrak 12