1 Makabearrak 10:54-64 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

54. Izan gaitezen biok elkarren adiskide. Emadazu alaba emaztetzat; zure suhi izango naiz eta dagozkizun bezalako esku-erakutsiak egingo dizkizuet bai zuri, bai alabari».

55. Ptolomeo erregeak erantzun zion: «Zorionekoa, zeure aurrekoen erreinura itzuli eta beraien errege-aulkian eseri zareneko eguna!

56. Horra, egingo dizut idatziz eskatu didazuna. Baina zatozkit Ptolemaidara, elkar ikus dezagun eta zeure aitaginarreba izango nauzu, zeuk eskatu bezala».

57. Egiptotik atera eta Ptolemaidara heldu zen Ptolomeo bere alaba Kleopatrarekin. Ehun eta hirurogeita bigarren urtea zen.

58. Alexandro bidera atera zitzaion Ptolomeori eta honek bere alaba Kleopatra eman zion. Ezteiak Ptolemaidan izan ziren, erregeei dagokien bezalako ospe handiz.

59. Alexandro erregeak Jonatani idatzi zion, etortzeko eskatuz.

60. Ospe handiz inguratua joan zen Jonatan Ptolemaidara eta bi erregeekin egon zen. Haiei eta beraien adiskideei zilarra, urrea eta esku-erakutsi ugari eman zizkien. Horrela, haien begiko egin zen.

61. Orduan, lege-hausle batzuk, Israelgo satsa zirenak, elkar hartu eta erregeagana joan ziren, Jonatanen aurka salakuntzak egitera. Baina erregeak ez zien kasurik ere egin,

62. baizik eta Jonatani bere soinekoak erantzi eta purpuraz janzteko agindu zuen. Eta halaxe egin zuten.

63. Ondoren, bere alboan eserarazi eta agindu hau eman zien bere ofizialei: «Zoazte Jonatanekin hirira eta hots egin, ez dezala bera inork ere ezerengatik sala, ezta gogaitu ere».

64. Erregearen aginduz Jonatan nola ohoratzen zuten eta purpuraz jantzia nola zebilen ikusirik, salatzaile guztiek ihes egin zuten.

1 Makabearrak 10