1 Makabearrak 1:45-59 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

45. Debekatua zuten juduek tenpluan erre-opariak, sakrifizioak eta isur-opariak eskaintzea; ezin zituzten bete larunbat eta jaiei buruzko legeak,

46. kutsatu egin behar zituzten santutegia eta jende santua,

47. idoloei aldareak, toki sakratuak eta jauretxeak eraiki behar zizkieten, eta urdeak eta abere kutsatuak eskaini.

48. Semeak ezin zituzten erdaindu eta era guztietako likiskeria eta lohikeriaz kutsatu behar zituzten beren buruak.

49. Legea ahaztu eta ohitura guztiak aldatu behar zituzten.

50. Eta erregearen agindua bete ez zezana hil egin behar zuten.

51. Era berean idatzi zuen bere erresuma osorako. Begiraleak ezarri zizkion erregeak herriari, eta Judeako hiri bakoitzean sakrifizioak eskaintzeko agindu zuen.

52. Herriko jende askok, Moisesen legea baztertu zuenak, bat egin zuen jentilekin eta kalte handiak egin herrian.

53. Horregatik, israeldarrek gordelekuetan babestu behar izan zuten.

54. Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita bosgarren urtean, Kisleu hilaren hamabostean, izugarrizko idolo higuingarria ezarri zuen Antiokok aldare nagusiaren gainean. Eta Judeako hiri guztietan ere eraiki zituzten aldareak.

55. Etxeko atean eta plazetan ere intsentsua erre behar zuten.

56. Antiokoren gizonek hautsi eta sutara bota ohi zituzten aurkitutako lege-liburuak.

57. Norbaiti itun-liburua aurkitzen bazioten nahiz legearen aginduak betetzen harrapatzen bazuten, hil egin ohi zuten, hala baitzuen erregeak agindua.

58. Eta horrelako gogorkeriaz erabili ohi zituen hilero-hilero hirietan harrapatutako israeldarrak.

59. Hilero, hogeita bostean, opariak eskaini behar zituzten aldare nagusiaren gainean ezarritako beste aldarean.

1 Makabearrak 1