1 Makabearrak 1:4-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Gudaroste oso indartsua bildurik, lurralde, herrialde eta buruzagien gain agindu zuen, denak bere zergapeko eginez.

5. Hauen guztien ondoren, ordea, gaixotu egin zen eta antzeman zion hiltzera zihoala.

6. Orduan, gaztetan berarekin hazi ziren handiki gudalburuak bildu eta bere erreinua banatu zien, hil baino lehen.

7. Eta, hamabi urtez errege izan ondoren, hil egin zen Alexandro.

8. Gudalburu haiek agintearen jabe egin ziren nor bere lurraldean,

9. eta, Alexandro hil zenean, errege-koroa jantzi zuten denek. Haien ondorengoak ere errege izan ziren luzaro, mundu osora geroz eta kalte handiagoak ekarriz.

10. Errege haiengandik adar zital-gaizto bat sortu zen: Antioko Epifanes, Antioko erregearen semea. Erroman bahitua egon ondoren, seleukotarren agintealdiko ehun eta hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen errege izaten.

11. Aldi hartan, lege-hausle batzuk sortu ziren Israelen eta jende asko engainatu zuten, esanez: «Tira, elkar gaitezen inguruetako herriekin; izan ere, bereizi ginenez geroztik kaltea besterik ez dugu izan!»

12. Askori ongi iruditu zitzaion hori.

13. Orduan, herriko batzuek erregeagana jo zuten eta hark baimena eman zien jentil-herrien ohiturak hartzeko.

14. Jentilek ohi bezala, kiroldegia egin zuten Jerusalemen,

15. erdainkuntzaren aztarnak ezabatu zituzten, uko egin zioten itun santuari eta arrotzen uztarria onartu, okerkeria egiteko beren buruak salduz.

16. Bere erreinua sendotua ikustean, Egiptoko errege ere izatea bururatu zitzaion Antiokori, bi erreinuetako errege izatearren.

17. Gudaroste izugarria, guda-gurdiak, elefanteak, zaldiak eta ontziteria handia harturik, Egipton sartu

18. eta hango errege Ptolomeoren kontra borrokan hasi zen. Ptolomeo galduan atera zen eta, zauritu asko utzi ondoren, ihesi joan.

19. Antioko, berriz, Egiptoko hiri gotorrak hartu eta herrialde hartako ondasunez jabetu zen.

20. Egipto menderatu ondoren, itzuli egin zen seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita hirugarren urtean. Gero, gudaroste indartsua harturik, Israelen kontra abiatu zen eta Jerusalemera heldu.

21. Harropuzkeriaz santutegian sarturik, urrezko aldarea, argimutila bere osagai guztiekin,

22. eskainiriko ogien mahaia, isur-opariak egiteko ontziak, azpilak, urrezko intsentsu-ontziak, oihala eta koroak ostu zituen. Tenpluaren aurrealdean zeuden urrezko apaindura guztiak ere eraman zituen.

1 Makabearrak 1