1 Makabearrak 1:11-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Aldi hartan, lege-hausle batzuk sortu ziren Israelen eta jende asko engainatu zuten, esanez: «Tira, elkar gaitezen inguruetako herriekin; izan ere, bereizi ginenez geroztik kaltea besterik ez dugu izan!»

12. Askori ongi iruditu zitzaion hori.

13. Orduan, herriko batzuek erregeagana jo zuten eta hark baimena eman zien jentil-herrien ohiturak hartzeko.

14. Jentilek ohi bezala, kiroldegia egin zuten Jerusalemen,

15. erdainkuntzaren aztarnak ezabatu zituzten, uko egin zioten itun santuari eta arrotzen uztarria onartu, okerkeria egiteko beren buruak salduz.

16. Bere erreinua sendotua ikustean, Egiptoko errege ere izatea bururatu zitzaion Antiokori, bi erreinuetako errege izatearren.

17. Gudaroste izugarria, guda-gurdiak, elefanteak, zaldiak eta ontziteria handia harturik, Egipton sartu

18. eta hango errege Ptolomeoren kontra borrokan hasi zen. Ptolomeo galduan atera zen eta, zauritu asko utzi ondoren, ihesi joan.

19. Antioko, berriz, Egiptoko hiri gotorrak hartu eta herrialde hartako ondasunez jabetu zen.

20. Egipto menderatu ondoren, itzuli egin zen seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita hirugarren urtean. Gero, gudaroste indartsua harturik, Israelen kontra abiatu zen eta Jerusalemera heldu.

21. Harropuzkeriaz santutegian sarturik, urrezko aldarea, argimutila bere osagai guztiekin,

22. eskainiriko ogien mahaia, isur-opariak egiteko ontziak, azpilak, urrezko intsentsu-ontziak, oihala eta koroak ostu zituen. Tenpluaren aurrealdean zeuden urrezko apaindura guztiak ere eraman zituen.

23. Era berean, zilar, urre, gauza baliotsu eta aurkitu zituzten altxor gordeez ere jabetu zen.

24. Dena harrapatu ondoren, bere herrialdera joan zen. Gainera, sarraski izugarria egin zuen eta harrokeria izugarriz mintzatu.

25. Israelgo lurralde osoandolu handia izan zen.

1 Makabearrak 1