2. Nebaten seme Jeroboam Egipton zen, Salomonengandik ihesi joana. Sikemgoa jakin zuen arren, Egipton gelditu zen.
3. Baina etortzeko dei egin zioten. Orduan, Jeroboam, israeldar biltzar osoarekin, Roboamengana joan zen, esatera:
4. —Zuen aita Salomonek uztarri astuna ezarri zigun. Arindu, bada, zuen aitak ezarri zizkigun morrontza gogorra eta uztarri astuna, eta zerbitzari izanen gaituzu.
5. Roboamek erantzun zien:—Zoazte orain, eta itzul zaitezte etzi.Eta jendeak alde egin zuen.
6. Roboam erregeak galdetu zien, beraren aita Salomon bizi zelarik haren zerbitzari izaniko kontseilariei:—Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot jende honi?
7. Kontseilariek erantzun zioten:—Zeure herriaren zerbitzari egiten bazara, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.
8. Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi ziren eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:
9. —Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar nioke, gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan jende horri?